Osteguna, 30 Azaroa 2017 18:07

Erosi Oiartzunen! kanpaina martxan jarri da Berria taldearekin eta Udalarekin batera

Egilea
Baloratu artikulua
(0 botu)

Berrialagun diren komertzioetan erosten duten herritarrek 1.000 €ko zozketan parte hartuko dute

Itturri Merkatari Elkarteak, Berria Taldeak eta Udalak; "Erosi Oiartzunen" kanpaina aurkeztu dute gaur. Udalak egitasmoa babestu du, komertzio ttikia sustatzeaz gain, euskarazko komunikabideak sustatzen laguntzen duen kanpaina hau ekonomikoki lagunduz.

Kanpaina hasi aurretik, herriko komertzio ttikian Berrialagunak bilatu ditu Berria Taldeak. 41 izan dira euskarazko egunkariko harpidedun egin direnak. Gaurtik (azaroak 30) abenduaren 15era arte, Berrialagun egin diren komertzio eta ostatuetan kontsumitzen duten herritarrek 1.000 €ko zozketan parte hartuko dute.

Zozketa Txerri Egunean (abenduak 16) egingo da eta 5, 10 eta 50 €ko bonoak banatuko dira, Berrialagun diren Oiartzungo komertzioetan gastatzeko. Berrialagun egin diren komertzioen artean, beste 1.000 € zozkatuko dira, Berria egunkarian publizitatean erabili ahal izateko.

Indarrak batzeko ahalegina

Berria egunkariko zuzendari den Martxelo Otamendik azaldu duenez, kanpaina honek "euskarazko prentsa heltzen ez den herritarrengana heltzen lagunduko digu". Euskal Herriko beste zenbait herritan ere antzeko kanpainetan parte hartu izan du Berria Taldeak, "hasieratik pentsatu genuen gu bezala txikiak direnekin egin behar genuela lan, elkar laguntzeko".

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak kanpaina honek "Oiartzungo Udalarentzako garrantzitsuak diren bi lan-ildo lotzen" dituela azpimarratu du, "euskara eta merkataritza ttikia sustatzea". Euskalgintza zein komertzio ttikian lanean dihardutenen "konpromisoa errekonozitu" du Leonetek, aukera aprobetxatuz.

Ion Zabaleku, Itturri Merkatari Elkarteko lehendakariak, aldiz, "sariek herritarrengana heltzea erraztu eta euskara arloan elkarlana onuragarria" izango dela aitortu du. Era berean, Udala merkataritza ttikia sustatzeko ematen ari den babesa eskertu du.

Irakurri 846 irakurketa Azken eguneraketa Osteguna, 30 Azaroa 2017 18:11